Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Urriak 25

Unai Hualdek harrera egin die  Nafarroako Amiantoaren Biktimen Babeserako eta Laguntzarako Elkarteko (ADAVAN) ordezkariei

Lehendakariari adierazi diote behar adina baliabide duen aurrekontuko partida bat gaitu behar dela martxan jartzen hasteko 2019an onetsitako amiantoa ezabatzeko plan gidaria

Nafarroako Parlamentuaren lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur bere bulego ofizialean Nafarroako Amiantoaren Biktimen Babeserako eta Laguntzarako elkarteko (ADAVAN) presidente José Manuel Buenori eta berarekin joan diren Purificación Adrián andreari eta Juan Antonio Castilla jaunari. Elkartearen diruzaina eta kidea dira, hurrenez hurren.

 

Topaketan zehar, Buenok, Adriánek eta Castillak lehendakariari azaldu diote behar adinako finantzaketa eman behar zaiola amiantoa ezabatzeko plan gidariari; izan ere, Parlamentuaren 2017ko ebazpen baten harira, 2019an onetsia izan zen plan hori, baina harrez geroztik ez da aurrerapenik izan, nahiz eta 2014ko Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialean helburu gisa markatu mineral kantzerigeno hori 2032rako desagerraraztea.

 

“Etorri gara eskatzeko behar adinako partida bat gaitu dadila Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretan plan gidaria garatzen hasi ahal izateko, zeren eta 2019tik gai horren inguruan egin den inbertsio publiko bakarra 65.000 eurokoa izan baita, 2022an amiantoa detektatzeko ikastaro batzuetarako jarriak, alegia. 2024ko Aurrekontuetan 10 euroko partida bat gaitu zen, handitzeko aukerarekin, baina halaxe geratu da. Ez da deus ere egin sufrimenduzko eta heriotzazko arrasto hori eteteko. 2.200 eta 2.400 pertsona bitarte izan dira errekonozituak ukitutako gisa, eta beste zenbaitek auzitan ibili behar izan dute gaixotasunaren errekonozimendu profesionala lortzeko”, José Manuel Buenok adierazi duenez.

 

Unai Hualdek, bestalde, adierazi du Parlamentuak konpromisoa duela amiantoa ezabatzeko 2019ko plana ezar dadila lortzeko, Nafarroako Gobernuak behar diren baliabide ekonomikoak eta antolaketakoak jarrita.

 

Horretarako, Hualdek konpromisoa hartu du talde parlamentario guztiei helarazteko zeintzuk diren ADAVAN elkartearen eskariak, eta adierazi du konfiantza duela datozen Kontu Orokorretan behar bezalako finantzaketa egoteko plana benetan betearazteko eskakizunetarako.